Duela urte batzuk, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak, Hizkuntza Normalkuntzako Ulibarri programa jarri zuen martxan eta Basauriko San Jose Ikastetxeak bertan hartu dugu parte aktiboki. Euskararen Normalkuntza prozesuaren misioa hezkuntza-komunitatearen euskararen erabilera indartzea eta sustatzea da, bai ikasgelan eta bai ikasgelatik at ere.
Euskara bultzatzeko ekimen guztiak modu bateratuan eta osagarrian biltzea du helburu Ulibarri Programak. Horretarako, gure ikastetxean plan osatu bat eratu dugu (HNP) eta lau urtetarako proiektu orokorra zehaztu dugu. Eremuz eremu eta esparruz esparru:
- Eremu instituzioanala
- Ikasleak
- Irakasleak
- Gurasoak eta Langile ez irakasleak
- Eskolaz kanpoko jarduerak
Egiten dugun ekintzetako bat, Ikasle Batzordea osatzea eta beraiekin biltzea da, ikasturteko jarduerak antolatzeko eta programatzeko, guztien inplikazioa bultzatuz.

Ahozko adierazpena bultzatzeko, NOLEGA programan parte hartzen dugu. Helburuak kontuan izanda (irakasleen, ikasleen eta IGEren laguntzaz) jarduerak programatzen ditugu euskaraz; ikastetxean bertan eta ikastetxetik kanpo, ikasleek euskara erabil dezaten. Honen erabilera hedatzeko, jarduera desberdinetan parte hartzen dugu: filmak zein antzezlanak, Euskararen Eguna, Euskaraldia, Korrika, Musikariak ikastetxean, Basauriko Jaietako kantaldia, Olentzero, Gabon kantak, Agate Deuna, Basauriko Euskal Astea, Bertsolaritza, Antzerkigintza, Euskararen Txokoa, Barnategiak, lehiaketak, megafonia, jolasak, irteerak….
Aipatutako ekintza guzti hauek gure egunerokotasunaren parte dira euskararen normalizazioa delako gure helburu nagusia.